Gizartea -
Animalien eskubideen alde
'Animalien begietara so egiteko' eskatu dute Iruñean
Animalien eskubideak aldarrikatu ditu Animalien Askatasunerako Nafarroako Elkarteak, "planeta eurena ere delako, eta haiek gure lagunak direlako".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sortu berri duten Animalien Askatasunerako Nafarroako Elkarteko hainbat kidek elkarretaratzea egin dute larunbat honetan Iruñean, Animalien Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira, eta "animalien begietara" so egitea eskatu diote gizarteari.
Hainbat lelo zuten bi pankartekin egin dute elkarretaratzea: "Bizia eta errespetua animalientzat" eta "Indarkeria ez da errespetua". Gainera, agiri bat irakurri dute eta gogora ekarri dutenez, 1997az geroztik, Animalien Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzen da, "planeta eurena ere delako, eta haiek gure lagunak direlako".
"Haiek ez dute ahotsik euren eskubideak aldarrikatzeko", deitoratu dute, "industria ankerren interes ekonomikoen biktimak dira". Hori dela eta, gizarteari deia egin diote, "animalien begietara so egiteko, biktima errugabeak baitira".