Gizartea -
Atxiloketak
Atzo atxilotutako lapurrek 300.000 euro ostu zituzten 30 urtetan
Atxiloketak lapurreta egitera zihoazenean gauzatu zen. Hauetatik lau Bilbon atxilotu dituzte, eta bestea Kantabrian.
Erredakzioa
Atxilotuak 48 eta 59 urte artekoak dira, eta 30 urte baino gehiago zeramatzaten era honetako lapurretak egiten, "inongo zigorrik jaso gabe", iturri polizialen arabera. Egin dituzten ekintza guztietan lortu duten diru kopurua 300.000 euro ingurukoa izan daitekeela kalkulatu dute.
Lapurretak gauzatzeko, partaideek lapurtu beharreko bankua hainbat egunez zehar aztertzen zuten, ordutegi ezberdinetan. Behin erakundea aukeratuta, itxita zegoen bitartean aldameneko lokal batean sartzen ziren, eta paretan zulo bat eginda sartzen ziren bankuaren barrenera.
Aurtengo otsailean Astilleron (Kantabria) sukurtsal bat lapurtu zuten, eta bertatik 173.170 euro lapurtu zituzten. Orduz geroztik Guardia Zibilak talde hau aztertzen jardun du, eta lau hilabeteko epe honetan beste sei saiakera egin dituzte.
Talde honetako lau partaideren atxiloketa lapurreta egitera zihoazenean eman zen. "Aurreko arratsaldean zuloa egin zuten. Goizeko 6:45etan laurak lokal barruan sartu ziren, bosgarrenak kanpoaldean zaintza lanak egiten zituen bitartean" iturri polizialek jakitera eman dutenez.
Bien bitartean, San Miguel de Meruelo (Kantabria) herrian, Guardia Zibilak taldeko bosgarren kidea atxilotu zuen, hau ere armatuta. Alboko herri bateko banku baten segurtasun sistema aztertzen ziharduela atxilotu zuten.
Atxiloketaren unean, eta partaide bakoitzaren etxebizitzak miatu eta gero agenteek munizioa eta lapurretarako tresnak bereganatu dituzte. Zortzi pistola munizioarekin, bi lehergailu, gama altuko bost ibilgailu, biktimak lotzeko elementuak, transmisoreak, paretetan zuloak egiteko objektuak eta bideo kamera bat besteak beste.