Gizartea -

Indarkeria matxista

Bi atxilotu Gasteizen, genero-indarkeria delitua egotzita

Gasteizko Udalaren arabera, biek norbere bikotekideei eraso egin zieten eta genero-indarkeria leporatu diete.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Udalaren arabera, udaltzainek bi gizon (53 eta 59 urte) atxilotu dituzte Arabako hiriburuan, bikotekideei eraso egin ostean genero-indarkeria delitua leporatuta.

Lekuko baten esanetan, joan den larunbatean, gizon bat bere bikotekidea jotzen ari zen Santa Barbara plazan. Udaltzainak iritsi zirenean, lurrean minez kexatzen ari zen emakumea ikusi zuten. Zauriak zituen aurpegian eta lepoan, ustez jo egin zutelako. Emakumeak bikotekideak lepotik heldu eta eraso egin ziola aitortu zuen.

Ustezko erasotzailea han zegoen, mozkortuta, eta agenteei baieztatu egin zien emakumea jo zuela. Gainera, iraindu egin zuen polizien aurrean. Udaltzainek anbulantzia eskatu zuten biktima ospitalera eramateko, eta gizonezkoa atxilotu zuten, epaitegien esku uzteko.

Bestalde, 59 urteko beste gizon bat ere atxilotu zuten igandean, Ramiro de Maeztu kalean, bikotekideari eraso egitea egotzita. Biktimak udaltzainei deitu zien senarrarekin eztabaida gogorra izan zuela esateko. Bikotea banantzeko tramiteak egiten ari da.

Udaltzainak iritsi zirenean, ustezko erasotzailea ez zegoen, etxetik joan zelako. Beraz, haren bila abiatu ziren eta handik gutxira kalean atxilotu zuten.

---

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Gizartea bideoak Gasteiz Albisteak