Gizartea -
EAE
Gizarte zerbitzuetan 'desberdintasunak' daude udal batetik bestera
EAEko hainbat udaletan gutxieneko gizarte zerbitzuak ez direla eskaintzen salatu du Manu Lezertua arartekoak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskal Autonomia Erkidegoan udal batek edo besteak eskaintzen dituen gizarte zerbitzuen artean "desberdintasun handiak" daude. Hala salatu du Manu Lezertua arartekoak, gaur, udalen gizarte zerbitzuen inguruan egindako txostenaren aurkezpenean. Hainbat udaletan gutxieneko gizarte zerbitzuak ez direla eskaintzen ondorioztatu dute, besteak beste, txosten horretan.
"Kezka" agertu du Lezertuak, udal batetik bestera atzeman dituzten "desberdintasunak" direla eta. Bere hitzetan, herri txikietatik handietara dauden aldeak handiegiak dira, txikien kaltetan. Hori bai, udal guztiak "diruz urri" dabiltzala salatu du, eta koordinazioa eta finantziazioa aldarrikatu ditu.
Arartekoaren arabera, hainbat herritarrek ez dituzte dagozkien zerbitzuak jasotzen, euren udalerrietan ez direlako eskaini ere egiten.
Lezertuaren iritzian, ezinbestekoa da egoera horri aurre egiteko neurriak berehala hartzea. Udalen arteko koordinazioa jo du beharrezkotzat, eta Nafarroa eta Katalunia jarri ditu koordinazio eredu onaren adibide.
Bestalde, udaletako gizarte zerbitzuetako langileen egoera ere kezkagarria dela salatu du arartekoak, sarritan "babesik gabe" aurre egin behar izaten dietelako egoera oso gogorrei.