Gizartea -
Gertakaria
3 pertsona zauritu dira, bat oso larri, Iruñean izandako sute batean
52 urteko emakume batek erredura larriak egin ditu. Horrez gai, bi gizon intoxikatu dira kea arnastuta.
Agentziak | Erredakzioa
Hiru pertsona zauritu dira, horietako bat oso larri, Iruñeko etxebizitza batean bart izandako sutean.
Udaltzaingoak ohar baten bidez jakinarazi duenez, sua 23:00etan piztu da, Santa Bizenta Maria kaleko etxe batean.
52 urteko emakume batek erredura oso larriak egin ditu, eta Gurutzeta Ospitalera eraman behar izan dute, han baitago Erredura Handien Unitatea. Horrez gain, bi gizon intoxikatu dira kea arnastuta, eta Nafarroako Ospitalera eraman dituzte.
Garrek kalteak egin dituzte etxebizitzan. Larrialdi zerbitzuek eraikina hustu dute, eta bizilagunak ez dira etxera bueltatu eraikina behera etortzeko arriskurik ez zegoela baieztatu duten arte.
Lau suhiltzaile kamioi, hiru anbulantzia, mediku talde bat eta Udaltzaingoaren bost patruila bertaratu dira. Udaltzaingoak hartu du sutea ikertzeko ardura.