Gizartea -
2016ko trafiko balantzea
46 pertsona hil dira aurten EAEn izandako zirkulazio istripuetan
2015ean 53 pertsona hil ziren. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak aurtengo zirkulazio istripuen balantzea egin du.
O.A. | EITB.EUS
Guztira 46 pertsona hil dira 2016an Euskal Autonomia Erkidegoko kale eta errepideetan izandako zirkulazio istripuetan, aurreko urtean baino zazpi gutxiago, Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordeak gaur egindako behin-behineko balantzearen arabera.
Segurtasun Sailak ohar bidez jakinarazi duenez, urtea ixteko zain, "hildakoen kopuruak behera egiten jarraitzen duela adierazten dute lehen datuek, eta duela hamarkada bat baino gehiago hasitako joerari jarraipena ematen zaiola".
46 pertsona (41 gizonezko eta 5 emakumezko) hil dira Euskal Autonomia Erkidegoko kaleetan eta errepideetan izandako zirkulazio istripuen ondorioz. 46 pertsona horietatik, 31 gidariak ziren (1 txirrindularia, 11 motor gidariak eta 19 auto gidariak edo bestelako ibilgailuetako gidariak), 10 oinezkoak ziren eta 5 ibilgailuetako zihoazen bidaiariak (1 motorrekoa eta 4 autoetakoak). Lurralde banaketari dagokionez, 21 pertsona hil dira Bizkaian, 16 Gipuzkoan eta 9 Araban.
Datu horiek Ertzaintzak zein udaltzaingoek erregistratutako istripuei dagozkie; hartara, hiri-bideetan eta hiri arteko bideetan gertatutako istripuak hartzen dira kontuan.
Istripuen kopurua gora, heriotza kopurua behera
Istripu kopuruari eta zauritutako pertsonen kopuruari buruzko datuak behin-behinekoak dira eta behin betikoak otsailean ezagutu ohi dira. Dena den, behin-behineko datuek erakusten dute istripuen kopuruak gora egin duela (7.274 istripu izan ziren 2015ean, eta 7.946 dira aurten) eta behera egin duela, aldiz, hildako pertsonen eta larri zauritutakoen kopuruak.