Gizartea -
Atxiloketa
Mediku faltsu bat atxilotu dute, umeak erdaintzea egotzita
Mediku faltsuak eta haren bi laguntzaileek etxez etxe egiten zituzten erdainkuntzak, 150 euroren truke, eta zauri larriak eragin zizkioten hiru hilabeteko haurtxo bati.
Agentziak | Erredakzioa
Polizia Nazionalak mediku faltsu bat eta haren bi laguntzaileak atxilotu ditu, umeak erdaintzea egotzita. Etxez etxe egiten zuten ebakuntza, 150 euroren truke, eta zauri larriak eragin zizkioten hiru hilabeteko haurtxo bati. Haurtxoa zainketa intentsiboetako unitatera eraman behar izan zuten.
Poliziak jakinarazi duenez, kasu batzuetan atxilotuek etxeko bertako ontzi-garbigailuan esterilizatzen zituzten ebakuntzarako tresnak, horrek dakarren osasun-arriskuarekin.
Mediku faltsuak titulaziorik eta lizentziarik gabe jarduten zuen Murtziako klinika pribatu klandestino batean, dagoeneko itxita dagoena, baita neurri higieniko egokiak ez zituzten etxe partikularretan ere.
Umetako asko haurtxoak ziren, eta erdainkuntza baino lehen anestesikoak ematen zizkieten, prestaketa egokirik gabe eta aldez aurreko kontsultarik egin gabe, balizko alergiak edota kontrako erreakzioak aztertzeko.
Hiru atxilotuek 22 eta 45 urte artean dituzte, horietako bat Marokokoa da, eta beste biak Libanokoak, baina Espainian bizi dira.
Horietako bati hiru hilabeteko haurtxo bati lesioak eragitea leporatu diote. Umea ospitalean ingresatu behar izan zuten, konortea galduta, erabilitzako anestesiagatik, kantitate toxikoa erabili ahal izan baitzuen.
Mediku faltsuak aurrekariak zituen, iruzurragatik eta jabetza industrialaren aurkako delituagatik. Lehen aipatutako klinikako kide baten identitatea usurpatu zuen, Espainiako hainbat probintziatan umeei ebakuntza kirurgikoak egiteko.