Gizartea -

Indarkeria matxista

Blanca Marquesen gorpua bilatzeko lanei ekin diete berriz

Atzo ez bezala, ontzi bat ibiliko da Ultzama eta Arga ibaietan barrena, baina urpekariak ezingo dira uretan sartu, oso zikin dago eta.

Arreko zubitik behera bota zuela esan du Javier Nietok. EFE
Arreko zubia. EFE
Arreko zubitik behera bota zuela esan du Javier Nietok. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Blanca Marques Burlatan senarrak itota hildako emakumearen gorpua bilatzeko lanei ekin diete berriro asteazken honetan. Arga eta Ultzama (Argaren adarra) ibaiak arakatu behar dituzte, eta eguraldiak hobera egin duenez eta ibaien emaria jaitsi denez, ontzi bat ere erabiliko dute lanak egiteko.

Hala, atzo ez bezala, uretan erreskateak egiten dituen talde baten ontzia ibiliko da Arretik (gorpua Trinitate zubitik behera bota zuela aitortu zuen Javier Nieto senarrak) Iruñera arteko ibai tartea miatzen. Dena dela, urpekariak ezingo dira oraingoz uretan sartu, oso zikin dago eta.

Ontzi horrez gain, suhiltzaile talde bat ibiliko da ibai bazterrak arakatzen, baita helikoptero bat ere.

Arre eta Etxauri arteko tartea miatu zuten atzo, baina alferrik. Azken egunetako euriteen ondorioz, oso hazita zetozen Arga eta Ultzama ibaiak, eta ontzirik ezin izan zuten erabili. Hala, ibai bazterrak ikuskatu zituzten, gorpua landarediaren artean egon zitekeelakoan.

Nafarroako Gobernuak emandako azalpenen arabera, gorpua urpean geratu bada, lauzpabost egun igaro beharko dira azalarazteko.

Javier Nieto, Marquesen 50 urteko senarra eta ustezko hiltzailea, kartzelan dago atzotik. Epaileari aitortu zionez, emaztea itota hil zuen larunbatean, eztabaida bat izan ondoren, eta Ultzama ibaira bota zuen igandean.

--------

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Nafarroako albisteak Gizartea albisteak Burlata Eguneko albisteak