Gizartea -
EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA
Lau gizon atxilotu dituzte Nafarroan, genero indarkeriarekin lotuta
Zizurren, Atarrabian, Lizarran eta Tafallan egin dituzte atxiloketak, azken orduotan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Burlatan asteburuan hilketa matxista izan ondoren, beste lau gizon atxilotu ditu Foruzaingoak azken orduotan, emakumeen kontrako indarkeria egotzita. Zizurren, Atarrabian, Lizarran eta Tafallan egin dituzte atxiloketok.
Zizurren 28 urteko gizonezko bat hartu zuten preso, urruntze agindua hautsi zuelako. Bikotekide ohiarengana joan zen, eta eraso egin zion. Emakumea Nafarroako Ospitalera eraman zuten, arin zaurituta. Gizonezkoak aurrekariak zituen, emakumeen kontrako indarkeriagatik.
Atarrabian, bestalde, 46 urteko gizon bat atxilotu zuen Foruzaingoak, bikotekide ohiari tratu txarrak ematea leporatuta.
Bi kasu horien instrukzioa Iruñeko Lurralde Auzitegiak hartu zuen bere gain.
Atxiloketa horiez gain, Lizarran 29 urteko gizonezko bat hartu zuten preso, bikotekideari tratu txar fisikoak eta psikologikoak behin eta berriz ematea leporatuta.
Tafallako Udaltzaingoak, berriz, 26 urteko gizon bat atxilotu zuen, bikotekidea jotzea egotzita.
--------
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten