Gizartea -

Indarkeria matxista

Gaur egingo diote autopsia Burlatan eraildako emakumeari

Autopsiak zehaztuko du itota hil zen ala ez, ustezko hiltzaileak Poliziari esan bezala.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostiral honetan egingo diote autopsia, ustez, senarrak Burlatan hil duen emakumeari Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutuan. Autopsiak zehaztuko du emakumea itota hil zen ala ez, ustezko hiltzaileak Poliziari esan bezala.

Nafarroako suhiltzaileek Blanca Esther Marques Burlatako bizilagunaren hilotza topatu zuten atzo arratsaldean, Arga ibaian, Iruñeko Vergel zubiaren parean.

48 urteko emakumea haren bikotekideak (Francisco Javier Nieto Jimenez) hil zuen joan den larunbatean eta biharamunean gorpua ibaira bota zuen, Poliziari aitortu zionez.

Hilotza 16:40 inguruan aurkitu zuten erreskate taldeek, Nafarroako Gobernuak zehaztu zuenez.

Azken egunotan goitik behera arakatu dituzte Arga eta Ultzama ibaiak, emakumearen bila, baina, euriteen ondorioz, errekak hazita joan dira eta horrek bilaketa-lanak oztopatu ditu. Nafarroako Gobernuaren helikopteroa ere aritu da bilaketan.

Francisco Javier Nieto Jimenez astelehenean bertaratu zen Espainiako Poliziak Iruñean duen komisariara eta hilketa aitortu zuen. Bikotekidea itota hil zuela eta hurrengo egunean gorpua Arreko zubitik Ultzama ibaira bota zuela kontatu zuen.

Asteartean deklaratu zuen emakumeen kontrako indarkeria auzien Iruñeko epaitegian eta epaileak espetxean sartzeko agindua eman zuen, homizidio delitua egotzita.

Bestalde, Nafarroako Gobernua herri-akusazio gisa aurkeztuko da emakume Blanca Esther Marquesen hilketaren auzian.

--------

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Espainian Gaurko albisteak Nafarroan Gizartea albisteak Burlata albisteak Albisteak