Gizartea -

Ostiraletik aurrera

Eusko Jaurlaritzak berak kudeatuko ditu Heldu programako espedienteak

Gizarte Gaietako sailburuak lan eredu berria azaldu du eta zerbitzua itxi ez dutela, berrantolatu dutela zehaztu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gemma Zabaleta Lan eta Gizarte Gaietako sailburuak azaldu du paperik gabe dauden etorkinen arretarako Heldu programaren espedienteak "enpresa pribatu baten esku" zeudela eta "Administrazioaren ardurapera pasako" direla. Zabaletak talde honentzako arreta-zerbitzuaren lan eredu berriari buruz hitz egin du eta Heldu itxi ordez, eredu berri "integralago" bat diseinatu dutela gaineratu du. Gaur egunera arte, zerbitzu honek landutako 33.000 espedienteetatik, 1.600ek biziraun dute.

2002an aurreko Gobernuaren Gizarte Arazoetako Sailak martxan jarritako zerbitzua Gizarte Zerbitzuetako Legearekiko "zaharkituta" zegoela azpimarratu du sailburuak. Berrikuntza honekin, Eusko Jaurlaritzaren helburua "pertsonak dira eta ez inoren interesak".

Horrez gain, ostiraletik aurrera, Eusko Jaurlaritzak kudeatuko du, Inmigrazio Zuzendaritzaren bitartez, oinarrizko gizarte zerbitzuentzat eta alor horretan lan egite duten gobernuz kanpoko elkarteentzat aholkularitza-zerbitzua. Horretarako, Biltzen programa eta berezko baliabideak erabiliko ditu.

Horrela, Eusko Jaurlaritzak gizarte zerbitzuetako langileen esku jarriko ditu doako telefono bat eta helbide elektroniko bat, zalantzak argitu ditzaten eta kasuren batean banakako arreta behar denean, Lan eta Gizarte Arazoetako Saila arduratuko da horretaz.

Alor honetako zerbitzu publikoen koordinazioa hobetzeko Eusko Jaurlaritzak Arartekoarekin, Eudelekin eta Gobernuaren Euskadiko Ordezkaritzarekin harreman estua duela gaineratu du Zabaletak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea