Gizartea -
Sententzia aitzindaria
Amiantoaren gaixoei ia 4 milioi euro ordaindu beharko dizkie Uralitak
Aurrenekoz auzi-jartzaileak ez dira lantegiko langileak izan, fabrikaren alboan bizi ziren 45 lagun baizik.
Erredakzioa
Uralita enpresak 3.918.594,64 milioi euro ordaindu beharko dizkie Cerdanyolako eta Ripolleteko (Bartzelona) 45 bizilaguni, Madrilgo epaitegi batek horretara zigortu duelako. Bartzelonako herrien bizilagunak lantegiak sortutako amiantoaren eraginpean bizi ziren eta horrek gaixotasunak sortu zizkien. Fabrika bi udalerrien artean kokatuta zegoen.
Epaia aitzindaria da Espainian, izan ere, aurrenekoz auzi-jartzaileak ez dira lantegiko langileak izan, fabrikaren alboan bizi ziren 45 lagun baizik. Ebazpen judizialaren arabera, egunero Uralitak erabiltzen zuen amiantoarekin kontaktua izateagatik eritasunak izan dituzte 45 bizilagunek.
Auzi-jartzaileen gaixotasunen eragilea "argi" dagoela uste du Madrilgo epaitegiak. Epaiaren arabera, Uralitak Cerdanyola eta Ripollet artean 1907tik duen lantegiak eritasunak eta batzuetan heriotza eragin dizkie biktimei, izan ere, horietako asko hamarkadetan zehar bizi izan dira bertan.
Epaiketa ekainaren 17an epaia emateko prest geratu zen. Auzi-jartzaileek 5,6 milioiko kalte-ordaina eskatu zuten, enpresak "asbesto zatiak eta amianto hautsa bi herritako kale guztietan sakabanatu zituelako", eta ez zuen prebentzio neurririk hartu nahiz eta osasunerako kaltegarriak zirela jakin.
Ondorioz, Uralitak 3,9 milioi euro ordaindu beharko dizkie Cerdanyola del Valleseko eta Ripolleteko 45 bizilagunei. Horrela, 43.079 eta 400.000 euro arteko kalte-ordainak jasoko dituzte biktimek, kasuen arabera. 45 bizilagunek lesioak dituzte arnas aparatuan eta kasu batzuetan heriotza eragin die.