Gizartea -
Erasoa
Hainbat pertsonak lau senegaldarri eraso egin diete Araban
Erasoetako bat oso larri dago. Ustezko bi erasotzaile jarrera "xenofoboa" agertzeagatik kaleratu zituzten. Enpresak bere "erabateko babesa" adierazi die erasoa jasan duten langileei.
Erredakzioa
Lau senegaldar zauritu dituzte, horietako bat oso larri, hainbat pertsonak Lantaron Arabako herri bateko enpresa batetik gertu eraso egin ostean. Enpresa horretan ustezko erasotzailetako bik lan egiten zuten, eta antza handik kaleratu zituzten jarrera "xenofoboa" agertzeagatik.
Herrizaingo Sailak zabaldu duenez, gertaera aurreko asteazkeneko 18:00ak aldera jazo zen, lau senegaldarrak Curvados Quintin lantegitik (Lantarongo industrialdean) ateratzen ari zirela, enpresa horretako iturriek baieztatu dutenez.
Antza, lantegiko kanpoaldean hainbat pertsona zegoen zain, euren artean egun horretako goizean enpresatik kaleratu zuten gazte bat eta haren senide bat, biak lantegiko langile senegaldarrekiko jarrera "xenofoboa" erakusteagatik kaleratuak.
Bi kaleratuek, beste hainbat pertsonarekin batera, Senegaleko langileak irten arte itxaron zuten eta langile baten kotxearen gurpilak zulatu zituzten, ihes egin ez zezaten.
Handik gutxira kolpeka hasi ziren eta senegaldarretako bat oso larri zauritu zuten buruan kolpe gogora jasan ostean. Lau senegaldarrak Miranda Ebroko Santiago Apostol ospitalera eraman behar izan zituzten, eta larriena ospitaleratu.
Gainerako langileei, hainbat zauri zituztela, alta medikua eman zieten, Ertzaintzak zehaztu duenez.
Enpresa, jarrera xenofoboaren kontra
Burdingintza enpresako iturrien arabera, langileak kaleratu zituzten lau langile senegaldarrekin izandako ika-mikak "pilatu" zirelako. Kaleratutetako batek sei hilabete zaramatzan lanean bertan, baina bere aita soilik duela hilabete hasi zen lanean.
Lau biktimen eta enpresaren arteko harremana, aldiz, aspaldikoa zen; izan ere, senegaldarretako bat orain dela sei urte hasi zen lanean eta bere "seriotasuna" eta erantzukizuna zirela eta, enpresak bere hiru senide kontratatu zituen; horiek ere lanean jarrera "bikaina" dutela azpimarratu du enpresak.
Curvados Quintin S.L. enpresak bere "erabateko babesa" adierazi die erasoa jasan duten langileei eta aholkularitza juridikoa eskaini die euren aburuz gaitzesgarriak diren gertaera horiei aurre egiteko.