Gizartea -
SUTEA
60 lagun atera dituzte bi ataritatik Sestaon, sute baten ondorioz
Suhiltzaile-talde bat oraindik dabil bertan lanean. 32 auzokidek ezin izango dute gaur euren etxeetara itzuli, hori dela eta, udal pilotalekuan igaroko dute gaua.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bi ataritako 60 bizilagun hustu behar izan dituzte gaur goizean Sestaon sute baten ondorioz. Jose Antonio Agirre kale nagusiko etxebizitza batean sua piztu da, 10:00ak inguruan, eta, badaezpada, bi atari hustu egin dute. 60 bizilagun horiek adinekoen udal egoitzara eraman dituzte, Sestaoko Udalak jakitera eman duenez.
Larrialdietarako zerbitzuak eta suhiltzaileak bertaratu dira, eta 13:30ean sutea kontrolpean hartu dute, hasi eta hiru ordu eta erdi geroago, baina oraindik ez dute itzali. Izan ere, 20:00etan suhiltzaile-talde bat oraindik dabil bertan lanean.
Ez da zauriturik izan bizilagunen artean, baina bai, ordea, suhiltzaileen artean; izan ere, bi suhiltzailek erredurak jasan dituzte eskuetan sutea itzaltzen ari zirela, baina euren egoera ez da larria izan.
32 auzokidek ezin izango dute gaur euren etxeetara itzuli, hori dela eta, udal pilotalekuan igaroko dute gaua. Horretarako, Bizkaiko Gurutze Gorriak janaria, oheak eta estaltzeko arropak prestatu dizkie.
Bestalde, Ertzaintzak ikerketa abiatu du sutearen jatorria argitzeko. Bien bitartean, Sestaoko Kale Nagusiak hesiz inguratuta jarraitzen du sutea jazo den lekuaren parean eta eraikinaren atzealdean ere. Izan ere, litekeena da hondakinak askatzea eta kalera erortzea, eraikinak kalte handiak jasan baititu.
Bizkaiko lau suhiltzaile-parketako (Urioste, Artaza, Derio eta Basauri) langileek jardun dute itzaltze-lanetan, eta, guztira, 30 suhiltzaile eta 11 ibilgailu bertaratu dira.
Sutearen irudia. Argazkiak: Ruben Saez @rubentxo
Ohar baten bidez, Sestaoko Udalak adierazi du ''familiak artatzen eta egoera pertsonala aztertzen'' ari direla, ''irtenbide bat emateko''.
Beste bi sute
Goizean zehar beste bi sute jazo dira: bata, Pasaian, non hiru atari hustu behar izan dituzten; bestea, Lekeition. Azken horretan etxebizitza bateko sukaldean piztu da, baina ez da zauriturik izan eta bertaratu diren suhiltzaileek arazo gabe itzali dute.