Gizartea -
Getxon
Emakumeak prostituziora mehatxupean behartzeagatik, atxilotuta
Atxilotuek, gizon eta emakume batek, lokal bat alokatuta zeukaten eta bertan hiru emakume zeuden prostituzioan lan egitera behartuta.
Erredakzioa
Polizia Nazionalak, Getxokoarekin batera, bi pertsona atxilotu ditu gaur: 53 urteko gizona, leioakoa, eta 36 urteko emakume erandiotarra, emakume kanpotarrak prostituzioan aritzera mehatxupean behartzeagatik.
Poliziek ustezko esplotatzaileak identifikatu dituzte eta prostituzioarekin lotutako delitu batekin erlazionatutako arrastoak bilatu dituzte.
Alokatutako lokalaren miaketa uztailaren 14an egin zuten. Bertan hiru emakume kanpotar aurkitu zituzten, dokumentaziorik gabe, eta komisaldegira eraman zituzten. Behin identifikatuta, aske utzi zituzten.
Era berean, bi susmagarriak atxilotu egin zituzten, emakume horiek lokalean eduki eta mehatxupean prostituzioan aritzera beharzeagatik.
Aurrekariak
Atxilotutako gizonak 21 atxiloketa dauzka delitu ezberdinengatik, batez ere jabetzaren aurkako delituak, mehatxuak eta genero indarkeriagatik. Gainera, urruntze agindu bat dauka indarrean, Albaceteko Emakumearen Indarkeriaren kontrako Epaitegiak jarrita.