Gizartea -
Gobernu bilera
EHUk Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako I. Plana onartu du
Helburu nagusia, berdintasunaren printzipioa zeharka txertatzea, unibertsitateko iharduera guztietan.
Erredakzioa
EHUren Gobernu Kontseiluak gaur Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako I. Plana onartu du . Ekimen honen helburu nagusia da berdintasunaren printzipioa zeharka txertatzea, unibertsitateko iharduera guztietan.
Berdintasunerako I. Planak erakunde akademikoaren helburuak, estrategiak eta ekintzak biltzen ditu, datozen hiru urtetan, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko aurrerapausoak emateari begira.
Horretarako, lehenik eta behin, lau ildo finkatu dira: irakaskuntza, ikerkuntza, gizarteko eta laneko harremanak, eta eremu instituzionala. Arlo horietan guztietan, pausoak emango dira, genero-ikuspegia ezagutzaren sorreran eta transmisioan txertatzeko, unibertsitateko iharduera guztietan gizon eta emakumeen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko, eta EHUk genero-berdintasunaren alde hartutako konpromisoa agerian uzteko.
EHUren Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako I. Planak hainbat ekintza aurreikusi ditu, helburu horiek bete daitezen. Horien artean, hauek nabarmentzen dira: irakasleentzako laguntza-gida bat egitea, genero-ikuspegia irakasgaietan txertatzeko; ikerkuntzetarako "iharduera egokien eskuliburua" egitea, jakintza-arlo guztietarako; iharduteko esparru-protokolo bat diseinatzea, berdintasunaren aurkako ekintza orori aurre egiteko; eta, hizkuntzaren erabilera ez-sexista bultzatzea unibertsitateko araudian, ekitaldi publikoetan eta barne- zein kanpo-komunikazioetan.