Gizartea -
Indarkeria matxista Bilbon
Udala herri akusazio izango da Amelia Amayaren hilketaren auzian
Bilboko Udalak emakumezkoaren hilketa gaitzesteko adierazpen bat onartu du. Haren bikotekideak hil zuen ustez, emakumearengandik urruntzeko agindua bazuen ere. Tratu txarren aurkako telefonoa: 016.
Erredakzioa
Bilboko Udala herri akusazioa izango da Amelia Amaya Jimenezen hilketaren auzian. Ustez, emakumezkoa haren bikotekideak hil zuen igandean, Txurdinaga auzoan.
Udaleko bozeramaileen batzarrak adierazpen bat onartu du gaur goizean hilketa gaitzesteko eta biktimaren senideei eta lagunei babesa helarazteko. Halaber, auzian herri akusazio izango dela iragarri du.
Testua EAJk, PSE-EEk, PPk eta EBk sinatu dute. Horretan, emakumeen aurkako indarkeriaren kontra agertzeko eskatu diete herritarrei, "ekintza horiek sala ditzaten, onartu ez ditzaten eta haien aurrean isilik iraun ez dezaten". Halaber, "biktimen aldeko sostengua adieraztera" deitu diete.
Adierazpenaren arabera, emakumeen aurkako indarkeria "duintasun eta segurtasun fisiko eta moralaren kontrako atentatua" da, eta beraz, "modu larrian eta onartezinean urratzen ditu haien giza eskubideak".
"Bizitzak suntsitzeaz gain, genero-indarkeriak murriztu egiten du emakumeek kolektibo bezala alor publikoan izan behar duten parte-hartzea, hiritartasun eskubideen erabilera mugatzen direlako".
Sinatzaileen ustez, indarkeria matxista "emakumeen desberdintasunean oinarritutako ordena social" baten erakusle da.
Elkarretaratzea
Euskal erakundeetako ordezkariak izan dira gaur eguerdian Bilboko udaletxe kanpoan egin duten elkarretaratzean. Iñaki Azkuna Bilboko alkatearekin batera Mariola Serrano Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimen Arretarako zuzendaria eta Maria Silvestre Emakundeko zuzendaria izan dira.
Horrez gain, Mikel Cabieces Espainiako Gobernuko ordezkaria EAEn; Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea edota Jose Antonio Pastor Legebiltzarreko PSEren ordezkaria Bilbon izan dira.
Elkarretaratzea bukatzean, Bilboko alkateak genero indarkeria gaitzetsi egin du, eta gizarteak ez duela "onartu" behar gaineratu du. "Irmo jokatu behar dugu, delitua aitzakiarik gabe zigortuz", gaineratu du. "Beste gauza batzuekin malguagoak izan gaitezke, baina genero indarkeriarekin irmo jokatu behar dugu, delitua zigortu eta prebentzioa handitu".
Tratu txarren aurkako telefonoa: 016. Doanekoa da eta ez du aztarnarik uzten telefonoaren fakturan.