Gizartea -

Haur-hilketa

Frantziako bikote bati 8 seme-alaba hiltzea leporatu diote

Amari "15 urte baino gutxiagokoen hilketa" eta senarrari "hilketa ez salatzea eta gorpuak ezkutatzea" delituak leporatu dizkiete.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako iparraldeko Villers-au-Tertre herrian topatu dituzten zortzi jaioberrien gorpuen amari "15 urte baino gutxiagokoen hilketa" eta senarrari "hilketa ez salatzea eta gorpuak ezkutatzea" delituak leporatu dizkiete, Douaiko Fiskaltzak adierazi duenez.

Bertoko komunikabideek jakitera eman dutenaren arabera, Dominique Cottrezek haurrak ito izana aitortu du, baina Pierre-Marie Cottrez haren senarrak gertakariak ezagutzen ez zituela esan du. Ustez, hilketak bikotearen bi alaben jaiotzaren ostean izan ziren, 1989 eta 2000 bitartean.

Frantziako historiako haur-hilketa kasurik garrantzitsuena izan daitekeenak herri txiki hori hunkitu du. Biztanleek 45 eta 47 urteko bikote honekin bizi eta leporatu dieten hilketari buruz ezer jakin ez izana sinestezina iruditzen zaiela adierazi dute.

Etxearen jabe berriek topatu zituzten

Joan den larunbatean, etxearen jabe berriek lorategian zuhaitz bat landatu nahi zutenean topatu zuten lehen gorpua.

Segurtasun indarrek, polizia-zakurren laguntzarekin, haur-hilketa aniztuna zirudiena baieztatu zuten. Lehen gorpua izan zen, baina, ondoren, leku berean, bigarren bat agertu zen eta bertatik gertu, kilometro batetara zegoen beste etxebizitza batean, poliziak sei gorpu gehiago aurkitu zituen.

Agenteek ustezko egileak atxilotu zituzten eta emakumeak, zortzi jaioberrien ustezko amak, hilketa onartu zuen. Horrela adierazi dute bertoko hainbat komunikabideek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea