Gizartea -
Euskadi
20 urte azpikoek abortura jotzen dute 'preserbatiboa garestia delako'
Hala dio, behintzat, iragan uztailaren 5ean abortuaren lege berria indarrean sartu aurretik egindako ikerketa batek. Euskadiko abortu tasa (6,89) Espainiakoa baino baxuagoa da (11,78).
Erredakzioa
Abortatzea erabaki eta 20 urte azpitik duten emakumeen gehiengoa "psikologikoki heldugabeak" dira eta haurdun geratzearen aitzakia bezala "preserbatiboak garestiak direla" esaten dute.
Datu hauek Eusko Jaurlaritzak Osasun sailari haurdunaldiaren borondatezko etenaldia ikertzeko eskatutako txostenean agertzen dira. Ikerketa, abortuaren lege berria uztailaren 5ean indarrean sartu baino lehen egindakoa da.
Ondorioz, aurreko legearen baldintzapean egindako abortuak bakarrik eduki dira kontuan, hau da; amaren osasunerako arriskua zegoenean, haurdunaldia bortxaketa baten ondorioa zenean eta haurra osasun arazo garrantzitsuekin jaio zitekeenean egindakoak.
Ikerketa hori, 2009ko abendua era 2010eko urtarrila eta otsailean osasun profesionalei egindako 34 elkarrizketen emaitza da.
Txostenak 2008 urtean 2.996 abortu egin zirela dio, horietatik 320 20 urtez azpiko emakumeei. Profesionalen arabera, gazte gehienak "psikologikoki heldugabeak" ziren.
Informazioa dago, "trebakuntza" behar da
Orokorrean, emakumeek informazio nahikoa dute preserbatiboaren erabileraren inguruan, baina trebakuntza falta nabari da. Gainera, kondoiak "garestiak" direla diote, eta horregatik ez dituzte erabiltzen. Haien bikoteak ere ez dituzte kontrazepziogatik arduratuta ikusten.
Abortatu egiten duen emakumearen profila 20 eta 29 urte arteko gazte batena da, etxetik kanpo lan egiten duena, eta goi-mailako edota bigarren mailako ikasketak egin dituena. Aldez aurretik, gainera, ez du aborturik egin.
Euskadin, abortu tasa 6,89koa da 15 eta 44 urte arteko mila emakumeko, batazbesteko baxua estatukoarekin konparatuta (11,78).