Gizartea -
Donostian daude
Huescan zauritutako bi mendizale Poliklinikara ekarri dituzte
Bi mendizaleak lesio larriekin heldu dira osasun zentrora. Larunbatean izotz blokeak gainean erori zitzaizkien Balaitous mendian, Sallent de Gallegon.
Erredakzioa
Iragan larunbatean, Huescan, zauritutako hiru mendizaleetatik bi Gipuzkoako Poliklinikara ekarri dituzte arratsaldean, Zaragozako Miguel Servet ospitaletik. Bi mendizaleak anbulantzian lekualdatu dituzte.
Bi mendizaleak lesio larriekin heldu dira osasun zentrora 18:20 aldera. Larunbat arratsaldean izotz blokeak gainean erori zitzaizkien Balaitous mendian, Latour zuloan, Sallent de Gallegon (Huesca).
Armando Segurado traumatologoak jakitera eman duenez, 37 urteko I.V.G. paziente donostiarrak ezker eskuan hausturak ditu eta kirschner orratzekin eman diote tratamendua Zaragozan. Zaurituak hobera egin du, baina oraindik ospitalean jarraitu beharko du.
Bestalde, 31 urteko J.S.A Urnietako mendizalea berna-hezurra apurtuta du eta ostegunean ebakuntza egin beharko diote sendatzeko. Segurado medikuak esan duenez, ostegun arratsaldean ebakuntza egitea aurrikusita du, eta ondoren parte mediku berria igorriko dute.