Gizartea -
AEBetan
38 aberats, diruaren erdia dohaintzan emateko prest
Bill Gates Microsoft konpainiako sortzailearen eta Warren Buffet finantza-guruaren ekimena da. Michael Bloomberg New Yorkeko alkateak eta Larry Ellison Oracleko sortzaileak ekimenarekin bat egin dute.
Erredakzioa
Amerikako Estatu Batuetako 38 lagun izugarri aberatsek Bill Gates Microsoft konpainiako sortzailearen eta Warren Buffet finantza-guruaren ekimenarekin bat egin dute. Euren dirutzaren erdia dohaintzan emateko konpromisioa hartu dute aberatsek. Guztira 230.000 milioi dolar pilatuko lituzkete.
Besteak beste, Michael Bloomberg New Yorkeko alkateak, Larry Ellison Oracle enpresako sortzaileak, Barry Diller komunikabideetako exekutiboak eta Ted Turner CNNko sortzaileak bat egin dute, proposamenaren bultzatzaileek azaldu dutenez.
George Lucas zinemagilea, T. Boone Pickens energia sektoreko enpresaburua eta David Rockefeller edo Barron Hilton hotelen jabeak ere zerrenda horretan daude.
Gates eta Buffet munduko gizonik aberatsenen artean daude, Forbes aldizkariaren esanetan. Bien artean 90.000 milioi dolarreko dirutza pilatzen dute. ''The Giving Pledge'' (Dohaintzan emateko konpromisoa) ekimena bultzatu zuten iragan hilabetean, AEBetako aberatsek euren dirutza filantropiara bidera dezaten.
400 dirutza
1.000 milioi dolar baino gehiagoko 400 bat dirutza daude AEBetan, munduan diren % 40a.
400 aberats horiek euren dirutzaren erdia emango balute, 600.000 milioi dolar bilduko lirateke dohaintzarako, Fortune aldizkariaren kalkuluen arabera.