Gizartea -
Gertakaria
Gazte batek adindun bat erreskatatu du sutan zegoen etxetik, Legution
Etxean erabiltzeko eskailera bat erabili du 25 urteko gazteak etxe barrura sartzeko eta Arabako udalerriko bizilekuko leihotik adineko gizona ateratzeko.
Erredakzioa
Sutan zegoen bere etxetik erreskatatu zuen atzo 25 urteko gazte batek adineko gizon bat, Legution (Araba). Gasteizko suhiltzaileen komunikatu baten arabera, gazteak etxean erabiltzeko eskailera bat erabili zuen etxearen leiho batetik sartzeko. Kristalak apurtu, barrura sartu eta leiho beretik adineko gizona atera zuen.
Sutea gaueko 23:00etan hasi zen logela batean, eta ohea, armairua eta barruko gauzak erre ziren.
Adineko gizona ospitalera eraman zuten kea inhalatzeagatik zuen intoxikazioaz artatzeko. Gaztea berriz, leihoko kristalekin egindako zauriak zituen eta anbulantzia batean oxigenoarekin tratatu zuten.
Etxera bertaratu ziren suhiltzaileak goiko pisuko jendea irtenarazi ondoren, 20 minututan itzali zuten sutea.