Gizartea -

Balantzea

Giro ona eta istilurik ez Andre Maria Zuriaren jaietan

Bi ekitaldi jendetsuenak Zeledonen jaitsiera eta igoera izan dira, 80.000 pertsona elkartu dituzte bien artean.

76

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiak goizaldean amaitu dira Zeledon San Migel elizako dorrera bueltatuta. Patxi Lazcoz alkatearen arabera, jaietan giro "aparta" izan da eta ez da istilurik egon; horrela, Gasteiz sei egunetan "alaitasunaren hiri" bihurtu da.

Prentsaurrekoan alkateak esan duenez, "aurtengo jaietan blusak eta neskak, giro ona, herritarren parte hartzea eta kirola izan dira nagusi".

Jaien bi ekitaldi jendetsuenak Zeledonen jaitsiera eta igoera izan dira, 80.000 inguru herritar erakarri dituzte bien artean. Kirol-ekitaldiak ere azpimarratu ditu alkateak, bai pilota partidak bai Munduko Txapelketa prestatze aldera jokatutako partiduak. 30.000 ikusle bildu dituzte.

Andre Maria Zuriaren jaietan nabarmentzeko moduko ikuskizun gehiago ere egon dira, alkatearen esanetan, su artifizialak, Printzipal antzokiko emanaldiak (8.000 ikusletik gora izan dituzte) eta zezenketak (atzo bertan izan zen azkena), besteak beste.

Espainia plazako kontzertuek 35.000 pertsona batu dituzte, eta Foru plazakoek 50.000, baina, alkatearen arabera, Macacorena izan zen jende gehien bildu zituena.

Guztira 300dik gora izan dira ekitaldiak eta milaka, ekitaldi horietan bildutako bisitariak, aurreko urtean baino % 6 gehiago. Hainbat lekutatik etorri dira: Gipuzkoa, Bizkaia, Bartzelona, Madril, Valentzia, Murtzia, Sevilla, Frantzia, Italia, Erresuma Batua eta Ameriketako Estatu Batuak.

Lazcozek aipatu duenez, ez da istilurik egon. ETAri buruzko pankartaren bat kendu behar izan dute, baina "oso gauza puntuala izan da".

Amaitzeko, alkateak jaiak egiten lagundu duten pertsona guztiei eskerrak eman dizkie, "ez ahazteko moduko jaiak" izatea lortu baitute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea