Gizartea -

Araban

Gizon bat hil da AHTren lanetan, Duran, elektrokutatuta

AHTren obretan izandako bigarren lan istripua izan da, 2008an 51 urteko gizonezko bat hil ondoren.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizonezko bat hil da gaur goizean Abiadura Handiko Trenaren lanetan, Duran (Araba), gidatzen zuen hodeamakinak tentsio altuko kable batzuekin talka egin duenean. Ondorioz, langilea elektrokutatu egin da, Herrizaingo Sailak eitb.com-i azaldutakoaren arabera.

Ezbeharra goizeko 10:00 aldera gertatu da. Ordu horretan, 49 urteko langile portugaldarra elektrokutatu eta berehala hil egin da.

Berehala anbulantzia bat hurreratu da, eta medikuek langilearen heriotza berretsi egin dute. Biktimak AHTren lanetarako azpikontratatutako Construcciones Gomes enpresan lan egiten zuen.

Abiadura Handiko Trenaren lanetan gertatu den bigarren lan istripua da gaurkoa. 2008an, 51 urteko gizonezko bat hil zen, pisu handiko aldamio bat bere gainean jauzi ondoren.

CCOO eta LAB sindikatuek, Aralarrek eta AHT Gelditu taldeak ezbeharraren nondik norakoak argitzeko exijitu diote Jaurlaritzari. Osalanek ikerketa ireki berri du, istripua zergatik gertatu den argitzeko.

Izan ere, Osalan-i eta Lan Ikuskapenari istripuaren arrazoiak ikertzeko eskatu die Comisiones Obrerasek, horrela "erantzuleak" nortzuk izan diren argitzeko eta "irmo eta azkar" neurriak har ditzaten. Bestalde, AHT Gelditu taldeak eta LABek Abiadura Handiko Trenaren lanak gelditzeko eskaera egin dute. Sindikatuaren ustez, "ingurugiroa deusestu egiten dute eta, horrez gain, langileak hiltzen dituzte".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea