Gizartea -

Nafarroan, asteazkenean

Aske geratu dira Azkoieneko suteagatik atxilotutako beste hiru lagunak

Goizean Faltzeseko beste bi herritarrak aske utzi ostean, bost atxilotuak aske geratu dira. 350 hektarea erre eta 500 auzokide aterarazi zituen sutearekin harremana zutelakoan atxilotu zituzten.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tafallako guardiako epaileak aske utzi ditu Azkoieneko sutearekin harremana zutelakoan atxilotutako Faltzeseko beste hiru herritarrak.

Hiru atxilotuak sutea eragin zuen sua piztu izana ukatu dute. Goizean beste bi atxilotuak aske geratu dira.

Azkoien mehatxatu zuen sutea itzalita dago, baina sutearen hondarrak gertutik zaintzen ari dira oraindik badaezpada ere, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez.

Gainera, aireko baliabideak, hegazkinak eta helikopteroak, jada joan dira bertatik. Hala ere, Cordobillako, Azkoiengo, Zangotzako eta Tafallako zazpi suhiltzaile talde oraindik lanean ari dira sua berpiztu ez dadin.

Nekazaritza eta Ingurumen Sailak adierazi duenez, 350 hektarea inguru erre dira: pinu, haritz, zereal eta sasi eremuak.

Parrila batek eragin zuen sua

Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuenez, behar bezala itzali ez zuten parrila batek eragin zuen sutea Faltzeseko pinudi batean eta, haizea lagun, oso azkar hedatu zen. Asteazkeneko arratsaldeko bostak eta laurdenak aldera piztutako sua ostegun goizaldeko laurak aldera kontrolatu zuten.

Suteagatik asteazkenean etxetik aterarazi zituzten Azkoieneko 500 herritarrak atzo goizean itzuli ziren euren etxeetara.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea