Gizartea -
Asteazkenean desagertutakoa
Ertzaintza Gaubean desagertutako gizonaren bila atera da gaur berriro
Ebroko erribera hautatu dute arakatze lanekin jarraitzeko, 'quad'ean uretara eror zitekeelakoan. Familiak esperantza "handia" du Jose Felix Chasco bizirik aurkitzeko.
Erredakzioa
Ertzaintzak berriro ekin dio Gaubean (Araba) desagertutako ertzaina bilatzeko lanari, eta oraingoan Ebroko erribera hautatu dute Jose Felix Chasco bilatzeko eremu gisa, ''quad''ean uretara eror zitekeelakoan.
"Nire anaia kirolari petoa da, maratoietan parte hartu du, Donejakue bidea egin berri du, gimnasiora joaten da egunero" eta bizirik iraun dezake nahiz eta desagertu zenetik sei egun pasa, adierazi du Montse Chasco ertzainaren arrebak.
Joan den asteazkenean, 22:00ak inguruan, ohartarazi zuen familiak arratsaldean lur-orotako ''quad'' batekin mendira joan zela eta, 20:00etarako etxera bueltatzeko asmoa izan arren, ez zela itzuli.
Atzo, bilaketek emaitzarik ematen ez zutela ikusita, Ertzaintzak bertan behera utzi zituen bilaketa lanak, baina senideek eta Gaubeako herritarrek ez zuten etsi eta araketa lanekin jarraitu dute, ehiztarien eta basozainen laguntzarekin.
Gaur, baina, Ertzaintzaren brigadak bilatzen hasi dira berriro 09:00etan, Ebroko erriberan eta ur putzuetan.
Herrizaingo Sailak azaldu duenez, horrela, baztertu egin nahi dute Jose Felix Chasco ''quad''arekin uretara erori zela.
60 boluntario, senide eta lagun
Ertzaintzaren dispositiboarekin batera, 60 boluntario, senide eta lagunek bilatzen jarraitzen dute gaur ere.
Montse Chasco ertzainaren arreba Gaubeako udaletxean dago goizean goizetik, eta gogorarazi duenez, anaiaren sakelako telefonoak bi seinale eman zituen, bata Rodil gaineko errepikagailuan eta bestea Peñarrubiakoan, hori dela eta, bi puntu horien inguruan ari dira bilatzen.
Arrebak baikor izan nahi du eta ziur dago bere anaiak bizirik irauteko trikimailuren bat egingo duela. Ondorioz, ez du esperantzarik galdu eta eskerrak eman nahi izan dizkie anaia bilatzen laguntzen ari diren guztiei.