Gizartea -

Abuztuaren 11tik, desagertuta

Gaubeako ertzainaren gorpua aurkitu dute

Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, bilaketa lanetan zegoen gazte batek aurkitu du gorpua. Baliteke egun batzuk hilda eramatea.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Felix Chasco ertzainaren gorpua Gaubeako pagadi batean aurkitu dute, desagertutako egunean gidatzen zuen ''quad''-arekin batera.

Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, bilaketa lanetan zegoen gazte batek aurkitu du gorpua arratsaldeko 19:30 aldera Nograroko gune basotsu batean.

Mediku forenseek analisia egin behar diote gorpuari, baina baliteke egun batzuk hilda eramatea.

Polizia iturrien hitzetan, ''quad'' bat ibiltzeko modukoa ez den toki batean aurkitu dute, eta aurretik miatutako gunea zela gaineratu dute.

Bestalde, istripua izan ostean ibilgailua gorpuaren gainean iraulita gelditu dela azaldu dute; gune basotsu bat izatean helikopteroak ezin izan zuen ikusi.

Joan den asteazkenean, 22:00ak inguruan, ohartarazi zuen familiak arratsaldean lur-orotako ''quad'' batekin mendira joan zela eta, 20:00etarako etxera bueltatzeko asmoa izan arren, ez zela itzuli.

Astelehenean, bilaketek emaitzarik ematen ez zutela ikusita, Ertzaintzak bertan behera utzi zituen bilaketa lanak, baina senideek eta Gaubeako herritarrek ez zuten etsi eta araketa lanekin jarraitu dute, ehiztarien eta basozainen laguntzarekin.

Asteartean, baina, Ertzaintzaren brigadak bilatzen hasi dira berriro 09:00etan, Ebroko erriberan eta ur putzuetan, baina azkenean hilik aurkitu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea