Gizartea -
Nafarroan
Bi lagunek ospitalean jarraitzen dute Tafallako ezbeharraren ostean
Adarkadaz zauritutako gizonari alta eman diote. Guztira, 40 lagun zauritu ziren Tafallan. Zezen-plazak segurtasun-neurriak betetzen zituen.
Erredakzioa
Oiartzungo (Gipuzkoa) 47 urteko bizilagunari alta eman diote, atzo Tafallako (Nafarroa) zezen-plazan tendidura salto egin zuen zezenak adarkadaz zauritu ostean; 19:00ak aldera atera da ospitaletik J. M. U. A., Larrialdietarako Zerbitzuan azken orduak eman eta gero. Gerrian zauritu zuen zezenak.
Bestalde, 10 urteko umea egonkor dago, eta 23 urteko gazteak onera egin du. Biak Nafarroako Ospitalean daude, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez.
Adingabea zainketa intentsiboetako pediatria-unitatean dago; gerriko traumatismoa du. Egonkor dago, baina bere pronostikoa larria da.
Bestalde, Tafallako 23 urteko bizilaguna (N. R. U.) ospitalean dago, zapalketa dela eta. Egonkor dago, eta onera egiten ari da.
Atzo bost lagun artatu zituzten Nafarroako Ospitalean, kolpeak eta traumatismoen ondorioz.
Era berean, beste 24 lagun zauritu ziren. Horiek guztiak, Tafallako osasun zentroan artatu zituzten, eta beste hainbat, zezen-plazan bertan.
Ezbeharra asteazken arratsaldean gertatu zen, 18:45 aldera, Tafallako zezen-plazan.
Zaurituen kopurua handia izan arren, zezen-plazak segurtasun-neurriak betetzen dituela esan dute adituek, eta okerragoa ere izan zitekeela adierazi dute.