Gizartea -

GASTEIZKO UDALA

Errekaleorren argindarra berrezarri behar dela dio txosten tekniko batek

Bestalde, kultura, kirol eta hezkuntza munduko eragile ezagun askok Errekaleor auzoko autokudeaketa proiektuaren aldeko manifestu bat izenpetu dute.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errekaleor auzoan argindarra derrigorrean berrezarri behar dela dio Gasteizko Udaleko Idazkaritza Nagusiak kaleratu duen txosten tekniko batek. Ebazpenaren arabera, auzo horretan erroldatuta dauden herritarrei legez dagokien zerbitzua da argiztapen publikoa.

EH Bilduk eskatuta egin du Idazkaritzak txostena, eta Miren Larrion ezker abertzaleko koalizioak Gasteizko Udalean duen bozeramaileak eman du horren berri.

Hedabideen aurrean egin duen agerraldian, Larrionek Udalari eskatu dio lehenbailehen esan dezala argindarra noiz berrezarriko duen Errekaleorren, egungo egoerak "segurtasun eza" sortzen duelako auzoan.

Alkatetzatik esan dutenez, txostena aztertzen ari dira, eman beharreko pausoak erabakitzeko.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea hartzen du oinarritzat txosten teknikoak; 26.1 artikuluaren arabera, argiztatze publikoa herritarrei jasotzea dagokien gutxieneko zerbitzuetako bat da.

Industria Sailak eskatuta eta Ertzaintzak babestuta, Iberdrolako teknikariek maiatzaren 18an eten zuten argindarra Errekaleorren. Gaur ezagutzera emandako txostenak Auzitegi Goreneko ebazpenak hartzen ditu kontuan, argindarra berrezartzea derrigorra dela argudiatzeko.

Babes manifestua

Bestalde, kultura, kirol eta hezkuntza munduko eragile ezagun askok Errekaleor auzoko autokudeaketa proiektuaren aldeko manifestu bat izenpetu dute.

Sinatzaileen artean daude, besteak beste, Bernardo Atxaga eta Toti Martinez de Lezea idazleak, Karra Elejalde eta Gorka Aginagalde aktoreak, Blanca Urgell sailburu ohia, Manu Garcia Alaveseko jokalaria izandakoa edota Juanito Oiarzabala mendizalea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala albisteak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Gaurko azken ordukoa Elektrizitatea albisteak