Gizartea -

Festa

Euskal Eskola Publikoaren garrantzia aldarrikatuko dute igandean Gasteizen

Antolatzaileek azpimarratu dute hezkuntza sistema publikoa dela "gizarte kohesionatua eta integratua lortzeko bidea", eta hori erakutsi nahi du aurtengo jaiaren leloak: "Josi ta josi".

Euskal Eskola Publikoaren jaiaren aurkezpena. Argazkia: Euskal Eskola Publikoa
Euskal Eskola Publikoaren jaiaren aurkezpena. Argazkia: Euskal Eskola Publikoa
Euskal Eskola Publikoaren jaiaren aurkezpena. Argazkia: Euskal Eskola Publikoa

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Josi ta josi" lelopean, Euskal Eskola Publikoaren festa egingo dute igande honetan, ekainaren 4an, Gasteizen, eta gizarte kohesionatua eta integratua lortzeko giltza hezkuntza sistema publikoan dagoela aldarrikatuko dute.

Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzaileak, Lurdes Errasti Arabako Denon Eskola federazioko presidenteak eta Gasteizko ikastetxe publikoetako ordezkariek prentsaurrekoan aurkeztu dituzte gaur Gasteizen ospatuko den Euskal Eskola Publikoaren 26. jaiaren egitaraua eta azken xehetasunak.

Igandeko 11:00etan hasiko da festa Reina Sofia hiribidetik Bastida plazarako sarbidean. Bertan parte hartuko dute Cristina Uriarte Esko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Ramiro González Diputatu Nagusiak eta Gorka Urtaran alkateak, antolatzaileekin batera.

Ondoren, Zabalganako ikastetxe publikoetako ordezkariek lekukoa emango diete datorren urtean Euskal Eskola Publikoaren Jaia antolatuko duen ikastetxeei.

"Ardatz egituratzailea"

Euskal Eskola Publikoa "hezkuntza-sistemaren oinarrizko ardatz egituratzailea" izan behar dela jai giroan aldarrikatzea da 1994tik guraso elkarteek antolatzen duten Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren helburu nagusia, antolatzaileek azaldu dutenez.

Helburu nagusi horretaz gain, eskola publikoak "gizarte kohesionatua eta integratua lortzeko duen zeregina" azpimarratu nahi dute aurten. "Publikotasunetik soilik lortu daiteke hezkuntza sistema inklusibo eta ekitatiboa. Zabalganako ikastetxe publikoak horren adibide ona dira, aniztasuna aprobetxatuz eskola euskaldun, publiko, inklusibo eta anitza lortu dutelako", gaineratu dute.

"Josi ta josi"

"Josi ta josi" da Euskal Eskola Publikoaren 26. Jaiaren leloa. Lelo honen bidez hauxe transmititu nahi dute: "Aniztasunak eskaintzen duen aberastasunetik abiatuta, Euskal Eskola Publikoak elkarbizitzan oinarritutako gizarte kohesionatua eraikitzen duela, eta errespetuaren eta tolerantziaren baloreetan hezten dituela etorkizuneko belaunaldiak".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Eskola Publikoa Gasteiz albisteak Albisteak Hezkuntza