Gizartea -
Guggenheimen
Zezenketen kontrakoak debekua bultzatzeko biluztu dira Bilbon
Protesta hau Aste Nagusiaren barruan egingo dituzten beste ekitaldien artean lehena baino ez da; zezenketen kontrako kalejira eta manifestazio ere egingo dituzte, azken hau zezen plazaren aurrean.
Erredakzioa
Zezenen kontrako 125 pertsona biluztu egin dira Bilboko Guggenheim museoaren aurrean Equanimal Fundazioak, AnimaNaturalisek eta CAS-Internacional taldeek deituta. Ekintza honekin zezenketen abolizioa eskatu dute.
Ekitaldia 12:00etan egin dute. Momentu horretan, 125 pertsona inguru, erdi biluzik eta gorputza makilatuta, odolez betetako zezen baten irudia osatu dute.
Aida Gasconek, AnimaNaturaliseko bozeramaleak, esan duenez, hirugarren urtez egin dute zezenketen abolizioa eskatzeko ekitaldi hau. Honen harira, "animalien defentsarako taldeak animalien aurkako indarkeria dagoen edozein lekutan izango gara ekintza horiekin amaitzeko".
Protesta hau "politika handinahietatik haratago doa", animalien kontrako indarkeria "krudela dela deritzogulako" eta ondorioz, "abolizioa eskatzen dugu".
Zezenketen kontrako kalejira
Bestalde, Zezenketen kontrako taldeak eta Bizkaiko Animalistek kalejira bat antolatu dute igande arratsalderako "Bilboko hiritarrek besteen sufrimendu eta minaren aldeko zaletasun odoltsuaren kontra".
Kalejira hori Bilboko udaletxetik aterako eta Arriaga Antzokiraino iritsiko da, bidean konpartsen laguntza ere izango dute.
Gainera,, bihar, 17:00etan, eta Aste Nagusiko zezenketa baten atarian, Zezenketen Kontrako taldeak Bizkaiko Animalistek manifestazio "sendoa" egingo dute zezen plazaren aurrean, "gure jaietan animalien kontrako indarkeriarekin amaitzeko".