Gizartea -
Zezenketen kontra
Kontxan erdi-biluzik jarri dira zezenketen kontra protestatzeko
Partehartzaileek Donostiako Aste Nagusiko sei zezenketetako animalien hilketa salatu nahi izan dute.
Erredakzioa
20 pertsona inguru Donostiako Kontxako hondartzan bildu dira bainujantzi beltza soinean eta bizkarrean odolez beteriko banderillak zeramatzatela. Horrela, Aste Nagusian Illunbeko zezen plazan hil dituzten zezenak gogoratu dituzte.
Lide Treku Askegintza Liberacción Animalista taldeko bozeramalearen esanetan, ekintza honen helburua "beste mende bateko tradizioaren abolizioa eskatzea da". Gainera, honelako ikuskizunentzako dirua ematen duten erakunde publikoei diru-laguntza horiek bertan behera uztea eskatu diete.
Protesta eguerdian egin dute. Partehartzaileak 20 minutuz ahoz behera etzan dira, aurretik odolaren antzeko substantzia batekin margotutako banderillak bizkarrean itsatsita zituztela.
Ekimen honen helburua Donostiako Aste Nagusian hildako zezenak salatzea izan da. Guztira, sei zezenketa, burtzikarien ikuskizun bat eta errekortarien lehiaketa bat egin dira.