Gizartea -

267 eguneko bahiketaren ostean

Maliko iturri ofizialek kooperante katalanen askapena baieztatu dute

Espainiako Gobernuak ez du askapena konfirmatu oraindik. Al Arabija katearen arabera, bost eta hamar milioi euro arteko erreskatea ordaindu dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Askatu dituztela baieztatzen dugu", esan dio Maliko iturri ofizial batek Reuters albiste agentziari, baina xehetasun gehiagorik eman gabe.

Sahara Media mauritaniar albiste agentziak ere Barcelona Accio Solidaria GKEko kooperanteen askapena konfirmatu du. Sahara Mediak "Maliko iparraldeko iturriak" aipatzen ditu, ustez bi kooperanteak ezkutatuta egon diren lekukoak, hain zuzen.

"Iturri hauen arabera, bi bahituak Malin daude oraindik, Madrilera noiz joango zain, hirugarren pertsona batek bitartekari lanak egiten dituen bitartean", dio hitzez-hitz Sahara Mediako teletipoak.

Mauritania eta Maliko hedabideek Barcelona Accio Solidariako kideen askapenarekin espekulatu dute azken egunetan, batez ere, Omar Ould Sid''Ahmed Ould Hamma, edo ''Omar Saharaui'' Malira estraditatu zutenetik.

Magreb Islamiarreko Al Kaidak, antza, Omar Saharauiren estradizioa oinarrizko baldintzatzat jarri zuen bahituak aske jartzeko orduan. Omar Saharauiri 12 urteko kartzela zigorra jarri diote Mauritanian kooperanteen bahiketaren burua izateagatik.

Al Arabijak eman du askapenaren berri

Al Arabija telebistak eman du albistea arratsaldean. Esandakoaren arabera, Magreb Islaimiarreko Al Kaidak Roque Pasqual eta Albert Vilalta kooperanteak askatu egin ditu aurreko azaroaren 29tik bahituta izan ondoren.

Hala ere, Espainiako Gobernuak ez du oraindik askapenaren baieztapen ofizialik.

Baieztapenaren zain daude baita Barcelona Accio Solidariako kideak eta bahitutakoen senitartekoak. Horrela adierazi du Francesc Osan, Barcelona Accio Solidariako presidenteak. Guztiek Espainiako Gobernuak lehenbailehen albistea konfirmatzea espero dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea