Gizartea -
Tafalla
Lau urteko kartzela zigorra, 326 emakume grabatu zituen zerbitzariari
Intimitatearen kontrako 120 delituren egile dela uste du epaileak, baina delituok ekintza bakar batean egin zituenez, nabarmen txikiagoa izan da zigorra (fiskalak 333 urte eskatu zituen).
Agentziak | Erredakzioa
Iruñeko Zigor arloko 4. zenbakiko Epaitegiak lau urteko kartzela zigorra ezarri dio Tafallako taberna bateko nesken komunean 326 emakume grabatu zituen gizonari.
Maiatzaren 16an egin zuten epaiketa, eta Nafarroako Auzitegi Nagusiak gaur eman du epaiaren berri. Fiskalak egindako eskaera (333 urtekoa) baino nabarmen txikiagoa izan da azkenean jarritako zigorra. Epaileak intimitatearen kontrako 120 delitu egotzi dizkio akusatuari, baina delituok ekintza bakar batean egin zituenez, lau urteko espetxe zigorra ezarri dio.
Epaia ez da irmoa, eta helegitea aurkez dezakete aldeek.
Epailearen esanetan, auzi honetan "delitu pilatze ideal homogeneoa" egon da. Hau da, hainbat emakumeren intimitatea urratu bazuen ere, ekintza bakar batean egin zuen.