Gizartea -
Udako ikastaroak
Surio:'Eduki erakargarriak behar dira baldintza berriekin bat egiteko'
Telebista publiko berriaren erronkei buruz aritu da EITBko zuzendaria EHUko Udako Ikastaroetan.
Erredakzioa
Alberto Surio EITBko zuzendariaren ustez, bizi dugun "iraultza teknologikoarekin" batera ez da "edukien iraultza" gertatu. Horregatik, bai finantziaketa eta baita baldintza teknologiko berriekin "bat egiteko" helburuarekin "eduki erakargarriak" sortu behar direla nabarmendu du.
"Telebista publiko berriaren erronkei" buruz aritu da Surio EHUko Udako Ikastaroetan, Mikel Urretavizcayak zuzendutako ''Telebista berria. Eduki berriak'' ikastaroan zehar.
Telebista sortu zenetik izandako "iraultzarik handiena" aurrean dugula zehaztu du. Teknologien iraultza, audientzien eta publizitatearen zatiketa eta gizartearen kontsumo ohituren iraultza hizpide izan ditu, besteak beste.
Bere hitzetan, teknologia berriei esker, ikus-entzuleek beraiek "euren telebista-parrila erabakitzen dute"; izan ere, Internet bidez edukiak jaitsi eta nahi dutenean ikus ditzakete. "Erronka handia da Internet", zehaztu du.
Bestalde, digitalizazioak "eskaintzaren saturazioa" eragin eta ohiko kateen egoera guztiz aldatu duela esan du. "Lehen kate bakoitzak bazekien non zegoen", azaldu du.
Eskaintza igotzearekin batera, "ikuslegoa zatikatu" egin dela uste du Alberto Suriok. Publizitatea banatzeko liskarra gogortu egin dela gaineratu du. Honen harian, zatiketa honek erkidegoetako telebista publikoetan "eragin berezia" izan duela esan du.