Gizartea -

Hezkuntza

Euskal Curriculumeko hiru artikulu baliogabetu ditu EAEko Auzitegi Nagusiak

Hala ere, ez ditu aintzat hartu Espainiako Gobernuak beste zazpi artikuluren eta bigarren eranskinaren aurka jarritako helegiteak.

Hezkuntza, artxiboko argazkia
Hezkuntza, artxiboko argazkia
Hezkuntza, artxiboko argazkia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Euskal Curriculumeko hiru artikulu baliogabetu ditu LOMCE legea eta 1105/2014 Errege Dekretua errespetatzen ez dituela argudiatuta. Aldeek 30 eguneko epea dute orain Auzitegi Gorenean kasazio helegitea aurkezteko.

Zehazki hauek dira Auzitegiak baliogabetu dituen 236/2015 Dekretuko artikuluak: 3.3, 16 eta 40.1 eta 2. Dekretu horren baitan Oinarrizko Hezkuntzako curriculuma ezartzen zen Euskal Autonomia Erkidegoan.

Baliogabetutako lehendabiziko artikuluari dagokionez, epaiaren arabera, errekurritutako dekretuak ez du zikloen antolaketari buruzko egitura errespetatzen eta, beraz, ez da zuzenbidearen araberakoa.

16. artikuluaren kasuan, berriz, epaiak dio DBHko lehen mailan soilik dela posible ikasgaiak jakintza eremuka biltzea. Ildo horretan, EAEko Justizia Auzitegiaren arabera, Jaurlaritzaren dekretuak ez du zehazten, ordea, zein mailatan egin daitekeen hori.

Bestalde, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak uste du Euskal Curriculumeko 40.1 eta 2 artikuluek Estatuko oinarrizko legea urratzen dutela. "40.1 eta 2. artikuluen arabera, curriculum dibertsifikazioa DBHko bigarren eta hirugarren mailetan egin daiteke; alabaina, DBHko 2. mailatik aurrera egin daitekeela dio LOMCE legeak. Hori dela eta, ez du Estatuko oinarrizko legea errespetatzen", azpimarratu du. 40.2. artikuluak ere urraketa dagoela uste du epaitegiak.

Edozein kasutan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ez ditu Espainiako Gobernuak errekurritutako beste zazpi artikulu eta bigarren eranskina baliogabetu. Eranskinaren baitan, euskal kulturaren dimentsioa ez zela zehazten argudiatu zuen Espainiako Gobernuak. Epaiaren arabera, ordea, konfigurazio libreko ikasgaia da eta, beraz, ez du Estatuko oinarrizko legea urratzen.

Helegitea aurkeztea aztertzen ari da Jaurlaritza

Bestale, Hezkuntza Sailaren zerbitzu juridikoak EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpena aztertzen ari dira, 30 eguneko epean Auzitegi Gorenean errekurtsoa aurkeztu hala ez erabakitzeko.

"Litekeena da helegitea jartzea, baina lehenago epaia aztertu behar dugu", adierazi dute Eusko Jaurlaritzaren iturriek.

Alabaina, auzitegiak ez ditu aintzat hartu Espainiako Gobernuak beste zazpi artikuluren eta bigarren eranskinaren aurka jarritako helegiteak eta Hezkuntza Sailetik horixe azpimarratu dute: "Errekurtso gehienetan arrazoia ukatu dio auzitegiak Estatuari".

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hezkuntza legea berriak Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Hezkuntza sistemako albisteak EAEko Auzitegi Nagusia hoy