Gizartea -
Droga trafikoa
Sei lagun atxilotu dituzte Bilbon droga eskuratu eta Nafarroan saltzeagatik
Atxilotuetako batek bizikletan saltzen zuen droga Txantrea auzoan. 442 gramo kokaina eta 1.740 gramo speed atzeman dizkiete.
agentziak | erredakzioa
Espainiako Poliziak sei pertsona atxilotu ditu Bilbon droga sintetikoak eta kokaina eskuratu eta Nafarroan saltzeagatik. Herritar batek antidroga@policia.es helbide eletronikora idatzitako salaketak ahalbidetu du polizia operazioa, segurtasun indarrek jakinarazi dutenez.
Atxiloketa horiek egiteaz gain, bederatzi miaketa egin dituzte, eta 442 gramo kokaina eta 1.740 gramo speed aurkitu dituzte.
Salatzaileak droga-trafikoan ari zen sare horren ustezko burua identifikatu zuen. Zizurren bizi ziren saltzaileak, eta droga eskuratzeaz, banatzeaz, zorrak kitatzeazk eta laguntzaileei egitekoak azaltzeaz arduratzen ziren.
Agenteek baieztatu zutenez, Bilbon eskuratzen zuten droga, eta gauez eramaten zuten Nafarroara, gama altuko autoetan, eta kontrolak atzemateko eta Iruñeko sarbideak zaintzeko beste auto batzuk ere erabiltzen zituzten.
Atxilotuetako bat, 2012an ere osasun publikoaren aurkako delituagatik zigortutakoa, kontsumitzaileak bilatzeaz arduratzen zen, eta bi etxebizitza zituen droga banatzeko eta ezkutatzeko.
Bizikletaz banatzen zuen droga, eta, gehienetan, Iruñeko Txantrea auzoan egiten zuen bat bezeroekin.
Agenteek Iruñeko lau etxebizitza, Zizurreko bat, Bilboko etxebizitza bat eta lokal bat eta Aratzuriko bi pabiloi miatu dituzte.