Gizartea -

Administrazio Kontseilua

EITBk albistegi berri bat eskainiko du gauerdian

EITBko Administrazio Kontseiluak 2010/2011ko programazioaren ardatz nagusiak onartu ditu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EITBko Administrazio Kontseiluak gaurko bileran 2010/2011ko programazioaren ardatz nagusiak onartu ditu. Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiak egin du aurkezpena, Miguel Angel Idigoras ETBko zuzendariaren, eta Javier Torrontegui EITB Irrati-Taldearen zuzendari- koordinatzailearen laguntzaz.

Honako hauek izan dira programazio berriaren helburuak Alberto Suriok nabarmendu duenez:

- Informazio zerbitzuak sendotu programazioaren bizkarrezurra izan daitezen.- Hiritarrek parte hartzeko eztabaida saioak eskaini- Euskarazko programazioa modernizatu eta indartu. - Barne produkzio orduak gehitu- Kultur saioei arreta gehiago eskaini.- Demokrazio balioekin eta giza eskubideekin konpromisoa agertu eta indarkeria baztertu.

EITBko zuzendari nagusiak zerbitzu publikoa ardatz duen kalitatezko programazioa eskaintzeak esan nahi duen erronka nabarmendu du. Are gehiago, diru baliabide urritasuna ekarri duen krisi egoera eta ikus-entzunezko eskaintza ugaria kontutan hartuta.

ETB-1en Eduki zuzendaritza berria eta Nafarroan LTDren egoera

Administrazio Kontseiluaren bilera honetan, halaber, Alberto Suriok ETB-1erako Edukien zuzendaritza bat sortuko dela iragarri du. Horrez gainera, Nafarroan lurralde Telebista Digitalaren egoeraz berri eman du.

Auzi honen inguruan, EITBko zuzendari nagusiak adierazi duenez EITBk analogikoki eskainiko ditu emanaldiak Nafarroan LTDren inguruan behin-betiko konponbidea lortu arte.

Nafarroan digitalki emanaldiak eskaintzeko borondatea dagoela esan du EITBko zuzendari nagusiak baina ez edozelan sektore publikoak orokorrean bizi duen krisi egoera kontutan izan da. EITB prest dago bere seinalea Higa de Monreal-era eramatea kostatzen dena ordaintzeko, baina bere ustez gehiegi da EITBri eta azken finean , EAEko biztanle guztiei Nafarroan seinalea zabaltzearen kostu osoa ordaintzea eskatzea, Nafarroak ezer jarri gabe.

Informazioa, entretenimendua eta zerbitzu publikoa

Miguel Angel Idigoras ETBko zuzendariak "zerbitzu publikoaren aldeko apustua" nabarmendu du datorren denboraldiko programazioa aurkezterakoan. Nobedadeen artean gauerdian emango den "Teleberri"ren hirugarren edizioa abian jarriko dela aipatu du. Gainera "Egun On Euskadi" saioa goizeko 08:00etara aurreratu da eta nazioarteko informazioari buruzko "Hora GMT" saioa estreinatuko da.

'Euskadi Directo' ere sendotu egingo da. Hiru edizio izango dira: astebarruan goiz eta arratsaldez eta asteburuan arratsaldean.

Kontsumintzaileei zuzendutako saioa ere iragarri du Idigorasek. ETB-2ko ordutegi nagusian emateaz gainera, irrati eta Interneten ere izango du leihoa.

Entretenimenduaren esparruan 'El Conquistador del Acongacua" realitya izango da apustu nagusiena. Lehiakideak 7.000 metroko mendia igotzea izango dute erronka. Saioarekin lotuta astebarruan eztabaida tartea eskainiko da. Beste saio garrantzitsu batzuek ETB-2n, 'Uyyyyy!" 'Robin Food, atracón entre fogones", "Vaya Semanita" berritua eta "La Noche de" ere izango ditugu, besteak beste.

Arratsaldeko magazina ETB-1en

ETB-1en arratsaldeko ordutegian emango den magazina nabarmendu behar da. Informazioa eta entretenimendua uztartuko ditu barne produkzioko saio honek.

ETB-1en halaber, aktualitatezko tarte berri bat ere izango da 'Kalaka'ren ordez. Xabier Euzkitze izango du gidari. 'Azpimarra' informazio tartea 'Gaur Egun' saioaren ondoren emango da denboraldi berrian.

ETB-1en tarte garrantzitsua dute kirolek. Txapeldunen liga, Lehen Mailako partiden laburpenak, Bigarren Mailako futbola eta Bigarren B-ko euskal taldeen norgehiagokak emango dira. Pilota nagusi izango da ostiral gau eta igande arratsaldeetan. Zesta eta erremonte partidak osotuko dute pilota programazioa ostegun gauetan. Saskibaloiaren tartean, ACB eta Euroleagueri arreta eskainiko zaio. Igande arratsaldeetan Herri Kirolak emango da eta beste kirol batzuk bilduko ditu 'Zu Kirolari' saio berriak.

Horrez gainera, urrian 'Kerman Mintzalagun Bila'ren atal berriak emango dira. 'Sautrela' literaturari erreparatuko dio kurtso honetan ere eta 'Hitzetik Hortzera'k bertsolaritzaren munduaren leihoa izaten jarraituko du.

Goizak indartuko dituzte Radio Euskadin; Almudena Cacho MQPen eta Anjel Alkain Euskadi Irratian

'Boulevard' Radio Euskadiko irratsaioa ordutegia aurreratu eta 06.00etan hasiko da. Zuzendaritza bateratuko du goizeko irratsaioak gainera eta Dani Alvarezek gidatuko du saioa 12:00ak arte. Goizeko lehen orduko informazioa, dibulgazioarekin, entretenimenduarekin eta umorearekin tartekatuko dituzte. Solas mahaia berritu egingo da eta 8:15etara aurreratu. Eguneko elkarrizketa berriz, 09:00etan izango da.

Eguerdiko tartean, lurraldeko informazioa eskainiko da: trataera berezia eskainiko zaio Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako programazioari.

Asteburuetan Almudena Cachok MQP saioa gidatuko du. 'La Jungla Sonora'k berriz, ordutegi berria du eta 16:00etatik aurrera emango da. 'Graffiti'k hiru ordu iraungo du eta Juan Carlos de Rojo izango da zuzendaria astelehenetik ostiralera arratsaldeetan.

Euskadi Irratian ere, nabarmentzekoa, Anjel Alkainek egunero gidatuko duen umore saioa.

Bestalde, Radio Vitorian kirola eta hurbileko informazioa izango dira apustu nagusiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea