Gizartea -

Telecincon

Spanairren istripuari buruzko pelikulak senideak haserretu ditu

JK5022 hegaldiaren Kaltetuen Elkarteak 40.000 sinadura bildu ditu emisioa geldiarazteko, biktimen eta kaltetuen "duintasunari eraso egitea" delakoan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Duela bi urte Barajaseko T-4 terminalean istripua izan zuen Spanairren JK5022 hegaldiaren Kaltetuen Elkarteak 40.000 sinadura aurkeztu ditu goizean Telekomunikazioen Estatuko Idazkaritzan, Telecincok gaur gauean ezbeharrari buruzko pelikula emititu ez dezan.

JK5022 hegaldiaren Kaltetuen Elkarteko presidenteak, Pilar Verak, emisioak elkarteko "2.000 kideen eta batez ere istripuan hil zirenen duintasunari eraso" egingo liokeela adierazi du.

Verak salatu egin du elkarteak lau hilabete borrokan daramatzala emisioa bide penaletik eta bide administratibotik geldiarazteko. Horrez gain, elkartearen asmoa "egia ezagutzea" dela azaldu du, eta Telecincori "gertatu zena ezagutu arte itxarotea eskatu" dio.

Gaur goizean entregatutako 40.000 sinadura horiez gain, garaiz iritsi ez diren beste 20.000 ere kontuan izan behar dira. Horietako asko, % 90, Kanarietatik iristekoak ziren, bertakoak baitira kaltetu gehienak.

Elkartea Telecincoko zuzendaritzarekin bildu da gaur eguerdian, baina ez dute akordiorik lortu. Verak esan duenez, bilera horretan bi proposamen aurkeztu dizkiete telebista katekoek. Lehenarekin telesaila erosteko aukera eskaini diete eta bigarrenarekin, berriz, pelikulak irauten dituen 120 minutuetan kaltetuen adierazpenak emititzea proposatu diete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea