Gizartea -
Ikasturtea hasi da
EAEko 18.000 ikaslek entzungo dituzte biktimen testigantza zuzenak
Isabel Celaa Hezkuntza sailburuaren hitzetan, ez da "filosofia politikorik egingo", baina biktimen kontakizunak entzungo dira, "sufritzen dutenekiko enpatia bultzatzeko".
Erredakzioa
Terrorismoaren biktimen "testigantza zuzenak" entzungo dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko 18.000 ikaslek aurtengo irailetik aurrera, "sufritzen dutenekiko enpatia bultzatzeko", Isabel Celaa Hezkuntza sailburuak azaldu duenez.
Celaak Gasteizko San Martin herri ikastetxean eman dio hasiera 2010-2011 ikasturteari. Datorren astelehenean hasiko da ikasturtea EAEko ikastetxe gehienetan.
Eusko Jaurlaritzak martxan jarri duen Indarkeriari Legitimazioa Kentzea eta Bizikidetza Demokratikoa planari buruz arituta, ikastetxeetan irailetik aurrera izango den ikasgai berriaz esan du "filosofia politikorik" ez dela egongo.
EAEko ikastetxe publikoetan derrigorrezko ikasgaia izango da. Testigantzak Hezkuntza Sailburuordetzak eta Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak aukeratuko dituzte, baina terrorismoaren biktimen lekukotasuna zuzena izango den ala ez eskola bakoitzak erabakiko du. Celaak aurreratu duenez, astean ordubete eskaini beharko diote ikasgai honi.
Ikasturtea datorren astelehenean hasiko bada ere, dagoeneko 20.000 irakasle lanean dira EAEko ikastetxeetan. Celaaren hitzetan, "inoiz baino egonkortasun handiagoa" izango dute aurten. "Inoiz ez bezala", aurten irakasleen % 10ek gaur arte itxaron behar izan dute lantokia non izango duten jakiteko.
Egonkortasunerako bide horretan, aurten 1.500 lanpostu berri aterako dira lan-eskaintza publikoan, Hezkuntza sailburuaren arabera.
Horrez gain, Eskola 2.0 programa indartu eta modernizatu egin dutela nabarmendu du. Aurten, 19.000 ordenagailu eramangarri banatuko dituzte ikasleen artean.
Bestalde, eredu hirueleduna abian jarriko dutela azpimarratu du Hezkuntza Saileko arduradunak. Orotara 40 ikastetxek probatuko dute marko hirueleduna, horietako bat Gasteizko San Martin ikastetxea.