Gizartea -

Senitartekoei

Mendiak Gerra Zibilean desagertutako baten gorpuzkiak entregatu ditu

Gorpuzkiak A-2622 errepideko arekan agertu dira, Gerra Zibileko hobi txiki batean, Tejera mendatean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak Primitivo Fernández de Labastidaren gorpuzkiak eman dizkie gaur haren senitartekoei. Gorpuzkiak Pobes eta Espejo lotzen dituen A-2622 errepideko arekan agertu dira, Gerra Zibileko hobi txiki batean, Tejera mendatean (Erriberagoitia, Araba).

Hobian hiru pertsona (bi gizonezko eta emakumezko bat) helduren gorpuzkiak zeuden, eta ekainaren 19an eta 20an atera zituzten bertatik, aurretik Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzari eskabidea egin zioten senideei jakinarazi ondoren.

Gorpuzkiak Aranzadi Zientzia Elkarteak atera ditu lurpetik, Euskal Herriko Unibertsitateko Auzitegi Medikuntzako irakasle titularra den Francisco Etxeberriaren zuzendaritzapean. Hobia txikia da, bi metro luze eta 40 zentimetro zabal besterik ez du, eta hiru gorpuzkiak sartzeko propio egindako zulo estu luze bat dirudi.

Gorpuzkiekin batera, ikertzaileek objektu batzuk aurkitu zituzten: orrazi bat, krisketak, txanponak, gerriko baten metalezko belarri bat eta abarketa batzuen kautxu beltzezko zolak.

Primitivo Fernández de Labastida, lanbidez baserritarra eta Santa Gadea del Cid (Burgos) herriko bizilaguna, 1936ko irailaren 3an desagertu zen, 35 urte zituelarik.

Horren senideen eta Erriberagoitiko auzokideen ahozko testigantzen arabera, bera eta berarekin zeuden beste bi pertsona (Florentino G. V. eta Mónica B. del V. senar-emazteak) errekete talde batek harrapatu eta hil omen zituen. Gorpuzkiak aurkitu dituzten leku berean fusilatu eta lurperatu omen zituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea