Gizartea -
Gertakizuna
Bost pertsona artatu dituzte Bilbon sute baten ondorioz
Sua Alde Zaharreko etxebizitza batean piztu da, baina dagoeneko amatatuta dago. Kalte materialak handiak dira.
Erredakzioa
Bost pertsona artatu behar izan dituzte gaur goizaldean Bilboko etxebizitza batean piztu den sute baten ondorioz, Udalak baieztatu duenez.
Artatutakoak bi suhiltzaile eta hiru auzokide dira.
Sua Alde Zaharrean piztu da, Barrenkale kaleko 40. zenbakian, Txomin Barullo taberna ezagunaren gainean, baina oraindik ez dakite zer dela eta.
Sutearen ondorioz, eraikina hustu behar izan dute eta han bizi diren 12 pertsonek beste leku batzuetan pasatu behar izan dute gaua. Oraingoz, hiru bizilagun baino ez dira itzuli etxera.
Laugarren solairuak, teilatupeak eta teilatuak kalte handiak dituzte, eta Bilboko Udalak aitortu du berriz eraiki beharko dutela eraikinaren goiko partea.
Sua 01:15ean piztu da, eta handik eta lau ordura itzali dute. Dena dela, suhiltzaileak han daude oraindik, sugarrak berriz suspertzea saihesteko.