Gizartea -
Gipuzkoa
17 pertsona zauritu dira Iruran izandako zirkulazio istripu batean
Kamioi batek talka egin du geldirik zegoen autobus baten aurka, eta su hartu du. Zauritu guztiei, emakumezko bati izan ezik, alta eman diete. Autobus-geraleku hori kendu egin du Aldundiak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hamazazpi pertsona zauritu dira, horietako bat larri, ostiral arratsalde honetan N-1 errepidean Irura (Gipuzkoa) parean izandako zirkulazio istripu batean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Istripua 19:05ean jazo da. Ordu horretan, kamioi batek talka egin du geltoki batean geldirik zegoen autobus baten aurka, eta, ondoren, su hartu du.
15 pertsona arin zauritu dira, bat larri dago, eta beste baten egoeraren berri ez dute eman oraingoz.
Dena dela, larunbat eguerdi honetan, Osakidetzak zabaldutako informazioaren arabera, emakumezko batek bakarrik jarraitzen du ospitaleratuta saihetseko kolpe batengatik. Gainerako zaurituei alta eman diete jada edo emango diete datozen orduetan.
N-1 errepidea itxi behar izan dute bi noranzkoetan, eta horrek auto-ilara luzeak eragin ditu.
Geraleku berria
Bestalde, Lurraldebuseko bi autobusek erabili ohi zuten geralekua N-1 errepidean, Irura parean, kendu egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak, ostiral arratsalde honetan izandako zirkulazio-istripu larriaren ondorioz.
Joan-etorria egiteko geraleku horiek jada aztertzen ari zen Aldundia, eta azkenean, kendu egin ditu. Astelehenetik aurrera, autobusek ez dute bertan geldialdirik egingo, Katategiko industrialdearen barnealdean baizik.