Gizartea -
Indarkeria matxista
Kondenatu egin dute igandean saferminetan atxilotutako sexu erasotzaile bat
Hain zuzen ere, 8 hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote. Gainera, 750 euroko kalte-ordainak eman beharko dizkio biktimari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Igandean sanferminetan Iruñeko taberna batean emakume bati sexu abusuak egin zizkion gizonezko bati 8 hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez. Gainera, sexu erasotzaileak 750 euroko kalte-ordainak eman beharko dizkio biktimari.
Gizonezkoari (frantziar hiritartasuna du) epaiketa bizkorra egin diote gaur, eta hark onartu egin du Fiskaltzaren eskaera.
Halaber, sexu erasotzailearen lagun bat ere kondenatu dute, lesio delitu batengatik, eta 240 euroko isuna eta 400 euroko kalte-ordainak ordaindu beharko ditu.
Epaiaren arabera, sexu abusua atzo egin zuen kondenatuak, 01:30ean, taberna batean. Ordu horretan, emakume bat komunetatik atera zen, eta gizonezkoa harengana gerturatu eta sexu abusua egin zion, biktimaren lagun batek erasotzailea bultzatu zuen arte.
Une horretan, erasotzailearen lagun bat ere agertu zen, eta aurre egin zion emakumezkoari, "jarrera desafiatzailea mantenduta, borroka bila".
Biktimak eta horren lagunak tabernatik alde egin behar izan zuten, baina dagoeneko kalean zeudela norbaitek objektu bat jaurti zien. Hori horrela, biak taberna barrura sartu ziren berriro, eraso hori nork egin zuen identifikatzeko.
Orduan, sexu erasotzailearen aipatutako laguna agertu zen berriro, eta eraso egin zion emakumeari, hainbat lesio eraginda.