Gizartea -
Erreforma legala
Etorkinak kanporatzeko egitasmoak baieztatu ditu Sarkozyk
Horrela, naziotasuna lortu eta lehen hamar urteetan herritartasuna kendu ahal izango diete jatorri atzerritarreko frantziarrei, poliziari eraso egiteagatik.
Erredakzioa
Poliziaren eta jendarmeen kontra eraso egin duten jatorri atzerritarreko frantziarrei herritartasuna kentzeko egitasmoak baieztatu ditu gaur Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak. Era berean, paperik gabeko etorkinak kanporatzeko erreforma legala egingo dutela adierazi du Sarkozyk.
Horrela, naziotasuna lortu eta lehen hamar urteetan herritartasuna kendu ahal izango diete jatorri atzerritarreko frantziarrei, poliziari eta jendarmeei eraso egiteagatik, Eliseo Jauregiak komunikatu batean azaldu duenez.
Segurtasun indarren aurkako eraso horien kontrako zigorrak gogortuko dituzte eta 30 urteko espetxe-zigorra bete beharko dute egileek. Kartzela-zigor hori murrizteko aukerarik ez dute izango zigortuek.
Poligamia
Azkenean, poligamiagatik zigortutako herritarrei ezin izango diete naziotasuna kendu, nahiz eta Brice Hortefeaux Barne ministroak hori nahi, Eric Besson Immigrazio ministroak azaldu duenez. Izan ere, aukera hori atzera botako luke Kontseilu Konstituzionalak, azterketa juridiko batek argi utzi duenez.
Gobernuaren planei aurre egiteko milaka herritarrek protesta egin zuten asteburuan zenbait hiritan, konkretuki, azken asteetan jatorri errumaniarreko ijitoak kanporatzeagatik.