Gizartea -

Sutea

Sestaoko sutean kaltetutako eraikina konpontzeko baimena eman du Udalak

Arkitekto batek aurkeztutako txosten tekniko batek eraikina behera etortzeko arriskurik ez dagoela ziurtatu ostean, konpontzen hasteko baimena eman du Udalak.

Martxoaren 12an piztu zen sua, Kale Nagusiko eraikin batean. Artxiboko argazkia: EiTB
Martxoaren 12an piztu zen sua, Kale Nagusiko eraikin batean. Artxiboko argazkia: EiTB
Martxoaren 12an piztu zen sua, Kale Nagusiko eraikin batean. Artxiboko argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2017ko martxoaren 12an sua piztu zen Sestaoko Kale Nagusiko 80. zenbakia duen eraikinean, eta bi ataritako 60 bizilagun baino gehiago etxetik atera behar izan zituzten. Eraikinak kalte handiak jasan zituen, eta eraikina eraisteko aukera aztertu behar zuela esan zuen Udalak. Alabaina, txosten tekniko batek eraikina behera etortzeko arriskurik ez dagoela ziurtatu ostean, konpontzen hasteko baimena eman du Sestaoko Udalak.

Udalak jakitera eman duenez, azken hilabeteotan egindako eskoramendu lanak amaitu ostean, obra-hondakinak atera eta eraikina konpontzeko lanei ekingo diete orain. Sutearen eraginez gehien kaltetutako elementuak aldatuko dituzte datozen hilabeteotan, eta teilatu berria jarriko dute.

Dena dela, eraikinaren azken solairuan konponketa lanak hasi dituzte jada, hori baita solairurik kaltetuena, eta dagoeneko trenkadak altxatu dituzte.

Auzokideen elkarteak konponketa lanak zuzentzeko hautatutako arkitektoak ekainaren 28an aurkeztu zuen sutearen ondorioz kaltetutako eraikinaren egoeraren inguruko txosten teknikoa.

Aditu horren arabera, eraikinak egonkor jarraitzen du, eta ez da eraitsi beharrik izango. Beraz, kalte handiak baditu ere, erabat berregin ahalko dute.

Ondorioz, eraikina berreraikitze aldera, teilatuan, tximinietan, leihoetan eta eraikineko beste elementu garrantzitsu batzuetan egingo dituzte konponketa lanak datozen asteotan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sestao Bizkaia EAE Suteak albisteak Gizartea albisteak Eguneko albisteak