Gizartea -
Ikerketa
B bitaminaren dosi masiboek Alzheimerra atzera dezakete
Gomendatutako dosiak baino 300 aldiz handiagoak erabili dira, eta garuneko atrofiaren erritmoa % 50eraino murriztu daitekeela frogatu dute.
Erredakzioa
Oxford Unibertsitateko ikertzaile talde batek, ikertzaile norvegiar batzuen laguntzarekin, B bitaminaren dosi masiboak hartzen badira, adineko pertsonetan Alzheimerra atzeratu edo eten daitekeela frogatu dute, Public Library of Science One elkarteak publikatutako ikerketaren arabera.
Bi urte iraun du ikerketak eta adineko 168 pertsonak hartu dute parte. Garuneko atrofiaren erritmoa % 50eraino murriztu daitekeela frogatu dute. Baina ikerlariek esan dutenez, goizegi da adinekoei horrelako bitamina osagarriak gomendatzeko, arriskuak eta onurak aztertu behar baitira.
Gutxi gorabehera 14 milioi europarrek eta bost milioi estatubatuarrek dituzte oroimen arazoak eta Okertze Kognitibo Arina izenaren atzean biltzen direnak, eta okerrera egin eta Alzheimer bihur daitezke.
Proba medikoetan B12 bitamina eta azido folikoa erabili zituzten, baina gomendatutako dosia baino hirurehun aldiz handiagoa lehenengoa eta lau aldiz handiagoa bigarrena.
Ikertzaileek B12, B6 eta B9 (azido folikoa) bitaminen dosiak eman zizkieten egunero 84 pertsonari, eta plazebo bat gainerako 84ei.
Bi urte geroago eskanerrak egin zizkieten, eta horien bidez frogatu egin zuten bitaminak hartu zituztenen garunak plazeboa hartu zutenenak baino gutxiago murriztu zirela; lehen taldekoena % 0,76 murriztu zen eta bigarren taldekoena, berriz, % 1,08.
Oxfor Unibertsitateko Farmakologia Saleko David Smith irakaslearen arabera, "emaitza ikusgarriak dira". "Tratamendu erraz eta seguru honek oroimen arazo arinak dituzten pertsonen artean Alzheimerren gaixotasunaren garapena atzeratuko duela espero dugu", esan du esperimentuaren zuzendarietako bat izan zen aditu honek.
Zientzialari honentzat, Okertze Kognitibo Arina Alzheimerren gaixotasunaren hasiera den jakitea funtsezkoa da, hau da, berak susmatzen duen moduan, prozesu jarraitua eta progresiboa den jakitea oso garrantzitsua da.