Gizartea -
2009an baino % 39 gutxiago
Abuztuan 2.230 langile izan dira EAEn lan-erregulazioan
2009ko urtarriletik gaur arte, 1.197 enpresak itxi dute lana erregulatzeko plana eta 52.128 langile bueltatu dira euren lanpostuetara.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak 147 lan-erregulazioko plan onartu zituen abuztuan, eta 2.230 langileri eragin zieten; hau da, 2009ko hilabete berean baino % 37 gutxiagori.
2009ko urtarriletik gaur arte, 1.197 enpresa atera dira egoera horretatik, eta 52.128 dira euren lanpostuetara itzuli diren langileak, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren arabera.
Bestalde, lan-erregulazioen kopurua 150 inguruan egonkortu da, bosgarren hilabetez jarraian, eta "murrizketa nabaria" izan da. Onartutako 147 txostenetako 132 lana bertan behera uzteko izan ziren, zortzi murrizteko eta zazpi amaitzeko.
Metatutako datuei erreparatuz, aurten, 2010eko abuztuaren 31ra arte, 25.378 langile zeuden lan-erregulazioan, 2009ko epe berean baino % 49 gutxiago; 49.588 langile izan ziren iazko epe horretan.
Apiriletik aurrera, txostenen % 50 baino gehiago bigarren txostenak edo aurreko baten jarraipenak izan dira. Lan Sailaren arabera, 25 langile baino gutxiago dituzten enpresak dira gehien izaten dituztenak.
Industria sektorean txosten kopuruen murrizketa txiki bat nabaritu da abuztuan, baina metalurgiarena da oraindik kaltetuena, eta makinak egiten dituztenak dira zerrenda horretan hurrengoak.
Gaur egun, 1.190 txosten daude indarrean eta 24.758 langile horien eraginpean.