Gizartea -
Ostalarien eskaera
Tabakoaren aurkako Legea ezartzeko hiru hilabeteko epea eskatu dute
"Bezeroen osasuna zaintzearekin" ados agertu badira ere, "orain arte prebentzioaren alorrean ez da ezer egin", ostalarien hitzetan.
Erredakzioa
Tabakoaren aurkako Legea ezartzeko hiru hilabeteko epea eskatu dute gaur Euskadiko ostalariek, arau berriak "zabaldu eta azaldu ahal izateko".
Angel Gago Euskadiko Ostalaritza Federakundearen idazkari nagusiak agerraldia egin du hedabideen aurrean. Kaltetu guztiak kontuan izan behar direla nabarmendu du, eta "bezeroen osasuna zaintzearekin" ados daudela gaineratu du. "Baina orain arte, prebentzioaren alorrean, ez da ezer egin", kritikatu du.
Hala ere, ostalaritza enpresa txiki eta ertainen egoera ekonomikoa eta bizilagunek pairatuko dituzten kalteak konutan hartzeko ere exijitu dute ostalariek.
Gagoren hitzetan, "kezkagarria da" EAEk izango duen araudia eta Estutakoa ezberdinak izatea.
Eusko Legebiltzarrean egingo duen ibilbidean zehar talde parlamentarioek ostalarien helegiteak aztertuko dituztela espero du Angel Gagok.
Ostalarien ordezkarien hitzetan, legea betetzen ez duenari aplikatu behar zaio araudia, eta ez profesionalei. Horrez gain, diru-laguntzak eskatu ditu lokaletan egingo dituzten egokitze lanei aurre egin ahal izateko.