Gizartea -
IMMIGRAZIOA
14 pertsona ospitaleratu dituzte, Ceutako hesia gainditu ostean
Guztira, Gurutze Gorriak 67 pertsona artatu ditu, eta horietako 14k zauriak edota hausturak zituzten.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
14 pertsona Ceutako Unibersitate Ospitalera eraman dituzte hesia gainditu nahian zauriak edota hausturak egin dituztelako, Ceutako Gurutze Gorriak zabaldutako informazioaren arabera. Guardia Zibilak eta Gurutze Gorriak jakinarazi dutenez, "200 pertsona inguru" saiatu dira Ceutako hesia gainditzen, eta horietako 60k lortu dute beren helburua. Hiru polizia ere artatu behar izan dituzte.
Aipaturiko pertsona horiek 05:30ean gainditu dute Ceutako hesia, Fincal Berrocal izenarekin ezagutzen den inguruan, hain zuzen.
Guardia Zibileko iturrien esanetan, sei metroko hesia gaindituta edota ateetakoren bat apurtuta lortu dute Espainian sartzea.
Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak uztailean Diputatuen Kongresuan jakitera eman zuenez, 2017ko lehen seihilekoan egoera irregularrean zeuden 3.204 etorkinek lortu dute Ceutan eta Melillan sartzea, aurreko urteko epe berean baino % 100,4 gehiago. Itsasoz Ceutan eta Melillan sartu direnen kopuruak, berriz, % 50,4 egin du behera.